JOSEP BURGAYA. HISTORIA GARAIKIDEKO IRAKASLEA
«Ez dira bateragarriak globalismo absolutua eta demokrazia»
2017-05-14 / Jon Fernandez
Idioten estatu kolpe antzeko bat deskribatzen du Josep Burgayak bere azken liburuan. Grezia klasikoan idiotak (partikularrak) esaten zieten interes komunaren arabera pentsatzeari uko egiten ziotenei, publikoaren alde egiten ez zutenei. Adiós a la soberanía política (Invisible) liburuan (Agur subiranotasun politikoari), TTIP, CETA, TTP eta antzeko merkataritza itunen eta globalizazio basatienaren kalteak aztertu ditu. Bartzelonako UAB unibertsitateko Historia Garaikideko irakasleak uste du ez direla bateragarriak demokraziarekin, eta gizartearen ongizatearen kontrakoak direla.
TTIParen kontra zaude. Horretan, behintzat, bat zatoz Donald Trumpekin.
[Kar, kar] Uste dut ezetz, Trump ez dagoela merkataritza itun handien kontra. Besterik da, oso zinikoki, gai horiek erabiltzen dituela beteko ez dituen promesak eginda. Trump establishment-a da, globalizazio ekonomikoa, liberalismo basatiena. Ez du planteatzen subiranotasun politikoa berreskuratzea herritarren onerako, bere elite nazionalen abantailak berreskuratzea baizik.
Zergatik ez da Trump globalizazioaren galtzaileen soluzioa?
Ez dakarrelako politika ekonomiko guztiz berririk. Eta horixe beharko litzateke: gizartean oinarritutako politikak, desberdintasun sozialak konpontzeko. Ostera, Trumpek sozietate zerga %30etik %15era jaitsiko du. Elite handien interesen alde dabil. Trumpekin gertatzen da Frantzian Marine Le Penekin gertatzen dena: globalizazioaren galtzaileek belarrira ondo egiten dien mezuren bat entzuten diote, jakin arren eskuin muturrak ez diela soluziorik ekarriko. Kontua da Macronek ere ez dizkiela arazoak konponduko: erabateko globalista da, ekonomiaren ikuskera oso finantzarioa dauka. Bi aukeretako bakar bat ere ez zen ona.
Egungo globalizazioak ez dauka alternatiba errealik?
Ez dago proiektu handirik norabide horretan. Halere, kontua ez da globalizazio edo mundializazio kontzeptua kriminalizatzea. Gauza da, funtsean, ekonomia herritarren ongizatearen zerbitzuan jartzea. Estatu-nazioa sustatu behar da horretarako: merkatuak kontrol publiko bat ez badauka, joera dago ondasunak mutur bakar batean pilatzeko. Sozialdemokraziak ez du planteatu ere egiten gaia: duela urte asko sartu zen neoliberalismoaren logika diskurtsiboan.
Bertan urtu arte?
Badira hortik kanpo mugimendu batzuk, eta, deskalifikatzeko, «ezkerreko populismo» deitzen diete. Badaude ahaleginak diskurtso diferente bat eraikitzeko, baina minoritarioak dira.
Diskurtsoa bai, baina ezkerreko alderdien eredu ekonomikoa, sarri, antzekoa da.
Sozialdemokraziaren historia nahiko patetikoa da. Eta neu ere parte izan naizelako diot. Duela bost-sei urte utzi nuen PSC alderdia. Tony Blairren ostean, alternatiba baino gehiago alternantzia bilakatu zen sozialdemokrazia.
Sozialdemokraziatik harago ere ikusi da etsipena. Syrizak esperantza piztu zuen, baina azkenean amore eman du.
Une batean benetako alternatiba zirudien Tsiprasek, baina belaunikarazi egin zuten. Ez dakit diskurtsoa bokazioz aldatu zuen, baina aldatu egin zuen.
Herritarren ahalduntzeaz ari zara liburuan, baina alderdi handi gutxi dabiltza norabide horretan. Zein da modua elitea horretara bultzatzeko?
Politika. Botoa ematen dugunean, ondo begiratu behar dugu nori ematen diogun. Nagusitasuna politikan dagoela dioten horiek babestu behar dira. Alderdiek begi onez onartu dute politikaren menpekotasuna ekonomiarekiko eta interes globalekiko. Uste dut hori apurtu behar dela.
Politika boterez hustu da?
Bai, eta horrek frustratu egiten du herritarra. Arazoa da totalismoa beti frustrazioak elikatu duela.
Totalitarismo zantzuak ikusten dituzu?
Ez, 1930eko totalitarismorik ez. Baina ikusten dut demokrazia formal hutsa ari dela mantentzen, zeinetan akzio politikoaren egiteko nagusia ordena soziala mantentzea den, eta errepresioa, behar denean. Erabaki handiak korporazio handiek hartzen dituzte, transnazionalak, globalak eta kosmopolitak direnek.
Galdera bat egin duzu liburuan: «XXI. mendeko kapitalismoa bateragarria da demokraziarekin?». Bada, bateragarria al zen XX. mendekoa?
Izan zen hamarkada batzuetan.
Noiz?
Bigarren Mundu Gerraren ostean. Kapitalismoak onartu zuen estatuaren kontrol jakin bat, eta oreka neurri jakin batzuk soldaten eta zergen bidez. Horrek gizarte inklusiboagoak sortu zituen, ez idealak edo perfektuak. 1980tik aurrera apurtu zen hori, kapitalismoak sobietarren beldurrik ez zeukanean: maximoen aldeko apustua egin zuen orduan, erabakita ez zituela ezertarako behar klase ertainak. Globalizazioarekin, estatu-nazioen esparrua apurtu zuen. Hori ez da bateragarria demokraziarekin. Globalismo absolutua, subiranotasun politikoa eta demokrazia ez dira bateragarriak aldi berean.
TTIP eta halako itunetan merkataritza nagusitzen eta industria baztertzen ari dela ohartarazi duzu, kontu garrantzitsua Euskal Herria bezain herrialde industrial batentzat.
Merkataritza legea jaungoikoa bezalakoa da, eta gutxi batzuen hegemonia bermatzen du: oligopolioena eta monopolioena. Estatua desarmatzen duten hitzarmenok eskatzea gaurko ogia eta biharko gosea da. Batzuek pentsatuko dute merkatuak irekiko dizkietela, baina funtsean egingo duena da baldintza lotsagarrietan ekoitzitako produktuak orokortzea. Itun hauek sektore bakoitzeko enpresa handi gutxi batzuen nagusitasuna bermatzen dute. Desagertu egiten da lehiazko kapitalismoa. Beti esan ziguten, eta egia zen neurri batean, kapitalismoaren lehiakortasuna onura zela kontsumitzaileentzat. Baina egungo kapitalismoa monopoliorantz doa, eta muga faltak errazten du hori.
Kapitalismoak txikituko du kapitalismoa?
Batzuek esaten dute sozialismoak eta komunismoak lortu ez zutena lortuko duela kapitalismoak: bere burua suntsitzea. Errenta muturretan metatzeak erosteko ahalmena kaltetuko du, eta mugagabeko kapitalismo batek merkatu indartsuak behar ditu, kontsumitzaileak. Honi guztiari zentzu apur bat jar diezaiokeena estatuaren esku hartzea da. Keynesek duela laurogei urte esan zuen hori, eta gizona ez zen preseski sozialista, liberala baizik. Baina argi ikusten zuen kapitalismoa autosuntsitzailea dela. Funtsezkoa da joko arau batzuk jartzea, eta aberastasuna banatzeko tresna batzuk egotea.